Gure lehen erronka Perotx etxea birgaitzea da, ahazturatik eta utzikeriatik berreskuratzeko, eta espazio erosoa eta segurua bihurtzeko.

Laguntza handia beharko dugu. Horregatik, duela egun batzuk mikro-finantzaketa kanpaina bat aktibatu dugu goteo.org plataforman, berebiziko garrantzia izango duena eraikina birgaitzeko lanek eragingo dituzten gastuen zati bat ordaintzeko.

Ez galdu gure aurkezpen bideoa.


Perotx landa eremuko bizimodu berrien inguruko lankidetzarako eta sorkuntzarako gunea da. Despopulazioaren aurkako borroka eta hiri-eremuaren eta landa-eremuaren arteko harremanak begi-puntuan ditugu. Proposamen berritzaile honekin praktika kulturalen eta sortzaileen bitartez jakintzak berreskuratu eta sortu nahi ditugu, baita esku-hartze komunitarioa astindu ere.

Perotx etxea Adoain udalerrian dago, Urraul Goiti bailarako herrietako batean, Nafarroako Aurrepirinioan.

Urraul Goiti biztanleria-dentsitate txikiena duen bailara bada, Adoain Nafarroako despopulazioaren zero kilometroa da. Hala ere, Perotx proiekturako, urrutiko herri hau abiapuntu bat baino ez da Urraul Goiti eta haraindiko birpopulaketa, berreskurapen eta garapen iraunkorrerako.

DATUAK
2019
NAFARROANAFARROAKO
PIRINIOAK
URRAUL
GOITI
Biztanleriaren Dentsitatea63 bizt./km24,1 bizt./km20,9 bizt./km2
Jaiotza-tasa gordina8,35,70
Zahartze-indizea127186488

Perotx etxea berreskuratzea, bailara osoan esku hartzeko abiapuntu gisa..

Despopulazioa herri horiek izan zirenaren eta haien oroimenaren aztarnak ezabatzen ari da pixkanaka, eta horrek izugarri zailtzen du gure garaiko erronka askori erantzunak aurkitzeko bide berriak egiteko aukera. Perotx proiektuarekin, egoera hori irauli nahi dugu hasierako ekintza zehatz batetik abiatuta, ibarreko ondare materialaren funtsezko elementu baten berreskuratzea: Perotx Etxea. Adoain herriko espazio hau bailara osoan esku hartzeko abiapuntu gisa planteatzen da.

Norbanakotik kolektiborako urratsa ematea berez prozesu eraldatzailea da. Hala da ere diziplina anitzeko pertsona-talde bat elkartu izana – horien artean, Urraul Goitirekin lotura emozional sakona duen kide bat – elkarrekin amets egiteko eta beren hondar-alea emateko despopulazioaren aurkako borrokan eta horrek dakarren oroimenaren eta jakintzaren galeran.

Era berean, Perotx lurraldea errespetatzen duen eta landa-garapen iraunkorra sustatzen duen proiektu gisa egituratzen da, eta, aldi berean, konpromisoa hartzen du gizarte-eragileekin, komunitateekin eta haraneko bizimoduarekin lotutako pertsonekin.

Casa Perotx komunitatean eta sormenean esku hartzeko espazio-motor gisa proposatzen da. Kulturaren eta arteen esparruetan ekintza zehatzak abian jarriz eta dinamizatuz, besteak beste, honako alor hauetan lan eginen da: genero-harremanak, landa-hiria lotura, ondare immateriala eta tokiko memoriak berreskuratzea eta zaintzea, eta sare zein ehun komunitarioen aktibatzea.

Ibarraren azken muturrean kokatuta eta hurbilen dagoen herrigunetik 30 kilometro baino gehiagora, Perotx Etxeak eta Adoaingo herriak sorkuntzarako eta ikerketarako leku bikaina eskaintzen dute. Horregatik, gure etxeak sorkuntza-prozesuetan murgilduta dauden pertsonentzako eta kulturarekin eta arteekin lotutako kolektiboentzako egoitzak hartuko ditu. Baita, komunitate-ehunarekin, jakintzak eraikitzearekin edo esparru akademikoetan jarrera kritikoekin lotutako kolektiboentzako ere. Era berean, Perotxeko arte- eta sormen-egoitzek lurraldearekiko elkarrekintza txertatuko dute, dela sortze-prozesuetan, dela beren edukiak eta prozesuak bailararekin eta jendearekin partekatzeko moduak antolatuz. Modu berean, Perotx landa-eremuaren eta hiri-eremuaren arteko topaketak, elkarrizketak eta asmakuntzak artikulatzen dituzten proposamenetarako gunea izango da.

Perotx prestakuntza-esperientzietarako gune ireki bihurtu nahi dugu, Urraul Goitiko lurraldeari buruzko ekintza-ikerketa proposamen kolaboratiboen diseinutik eta inplementaziotik abiatuta. Fokoa landa-eremuetako bizimodu berrien eta anitzen kualitatean jarriko dugu. Ikaskuntzen eta desikaskuntzen artean, ikastaroak, tailerrak eta topaketak egiteko lekua izanen da. Era berean, gure etxeak kanpo-ekimenak hartuko ditu, eta ikasketa- eta ikerketa-taldeen topaketak babestuko ditu.

Perotxek ostatu-zerbitzu kolektiboa eskainiko du, bertan jateko aukerarekin. Jarduera-eremu hau egitasmoarekin bat egiten duten talde, komunitate eta elkarteei zuzenduko zaie, baita proiektuaren filosofiarekin bat datozen pertsonei ere. Praktika jasangarrien esparruan, Perotxen sukaldea elikatuko duten produktuak tokikoak eta sasoikoak izango dira. Horretarako, Urraulen eta eskualdean kokatutako agroekologiako esperientziekin lankidetzak garatuko ditugu.

Perotxek hainbat ekitaldi artistiko eta kultural programatuko ditu urtean zehar, batzuetan etxean bertan eta beste batzuetan Urraul Goitiko beste hainbat kokalekutan. Arte eszenikoak, musika, zinema eta ikus-entzunezkoak izango dira eragile nagusiak. Beti ere modu jasangarrian eta lurraldea errespetatuz, ekimen horiek ibarreko bizitza dinamizatzera eta harana bere muga geografikoetatik harago ezagutarazteko bideratuko dira. Batzuetan lokalizatua eta beste batzuetan lurraldetik at, jarduera hauek tokiko pertsona, erakunde eta eragileekiko lankidetza bultzatuko dute. Izan ere, ahaleginen zati handi bat lankidetza-sare aberats eta dinamiko bat egituratzera bideratuko da, bai bailaran bertan, bai harantzago.

Perotx Urraul Goiti haraneko ondare materialaren zati nabarmena da. Birgaitzea eta zaintzea, lurraldearen memoria ukigarria babesteko urrats garrantzitsuak dira. Aldi berean, biztanleentzat erabilera kolektiborako ekipamendua da, Adoainen zein haran osoan bizitza modu jasangarrian sustatuko duena. Tresna komunitario gisa, Perotxek bere jarduera-ardatzen artean sartzen ditu Urraul Goitiko ondare immateriala eta tokiko memoria berreskuratzeko zein zaintzeko jardunbideen garapena. Aldi berean, landa-bizitzarako sorkuntza- eta zentzu-fluxu berriak sustatzen ditu.


Nafarroako, Euskal Herriko, penintsulako eta beste latitude batzuetako hainbat lekutako jendea biltzen duen komunitate sortzailea gara. Perotxeko komunitatean bizi garenon artean badira hainbat hamarkadatako esperientzia dutenak ikerketaren, unibertsitate-irakaskuntzaren, komunitate-trebakuntzaren, ikus-entzunezko sorkuntzaren edo lankidetza-metodologien esparruan.

Perotx Kultur Elkartea proiektua antolatzeko gune nagusia da. Hainbat parte-hartze maila ahalbidetuz eta hainbat lankidetza-modalitate gaituz, elkarteak Urraul Goitiko lurraldean garatzen du bere jarduera. Gure etxetik epizentro gisa proiektatuz, haranaren muga geografikoetatik gaindi luzatzen du bere esku-hartzea, Euskal Herriko txoko ezkutuenetako bat ezagutarazten lagunduz. Perotxen euskarri komunitarioa da elkartea, proiektua babesten duen eremu magnetikoa da, eta, aldi berean, haren motor nagusia.

Proiektuari eusteko eratzen ari garen ehunak Perotx Sormen Sarea deritzona barne hartzen du. Kulturgintza eta arteetako pertsonak Perotx komunitatearekin, intentsitate eta modu desberdinetan, lotzeko espazio bat. Elkarlana esku-hartze sortzaileen bidez, espazioaren erabileren bidez euren proiektuen esparruan edota ekimena esparru publikoan hedatuz gauzatu daiteke.

Perotxen jabetza zaleak ez bagara ere, Sortzaileen Sarea bada arte eta kulturako jendeek espazioa eta egitasmoa bere egiteko modua. Hasteko, proiektuari babesa emanez eta ideia zabalduz. Jarraitzeko, espazioaren erabilerak imajinatuz eta jarduerak proposatuz. Hauek, Perotxetik proiektatuta, lurraldearekin eta biztanleekin elkarlanean helburu amankomun batekin: Urraul Goitiren desagerpena ekiditea, izan ere, Europan despopulazioak gehien jazartzen dituen landa-ekosistemetako bat da eta.

Elkartearekin batera, Perotxek gizarte eta komunitate-ekonomiako unitate bat du. Urraul Goitiko ekonomia dinamizatzera bideratutako prozesuak sortzera eta kudeatzera bideratuta dago. Oparotasun parekidea eta lurraldearen birpopulatze iraunkorra bultzatzen duten praktika ekonomikoen bidez, Perotxeko kooperatibak etxea mantentzeko eta proiektua finantzatzeko baliabideen sortzailea da. Merkataritza-arrazoiarekiko jarrera kritiko batetik, kooperatibak bere kideak lan-esperientzia demokratiko batean biltzen ditu, eta diru sarbide egonkorra eskaintzen die. Jarduera-eremu honen zati esanguratsu bat da Perotx Nafarroan, Euskal Herrian eta penintsula osoan (ANEL, REAS eta Olatukoop, adibidez) dauden ekonomia komunitarioko sare eta ehunetan txertatzea.

Perotx etxea, Adoainen kokatua, Urraul Goiti ibarrean, ia 800 m2-ko XVIII. mendeko etxea da, frontoi estali bat eta lastategi bat dituena. Joan den mendearen amaieran eskola-udalekuen egoitza izan zen, eta 25 pertsonako taldeak hartzeko eraikin ezin hobea da. Baditu talde zabalak biltzeko hainbat espazio egoki: 40 lagunentzako jantokia, bi korridore handi egongela, irakurketarako eta lanerako gune bezala egokituta, 65 m2-ko erabilera anitzeko gela bat eta 142 m2-ko frontoi estali eta itxia. Horri 1.700 m2-ko lorategi zabala gehitu behar zaio.

Perotx ez da tamainagatik bakarrik nabarmentzen, ezin ederragoa da eta. Lehen inpaktua fatxadak eragiten du eta ondoren, harrera egiten digun sarrerako korridorearen harrizko lurrak harritu egiten gaitu. Pinoteazko ohol zabal zaharren zoruak eta sabaiak goxoak eta atseginak dira. Lorategia zabala da eta ingurune natural eder batean kokatuta dago. Berehala murgiltzen zaitu bere sosegu eta lasaitasun munduan.


Proiektuari buruzko informazioa jaso nahi baduzu, bete formulario hau.

  • Email: info@perotx.com
Aukerakoa